TXANPIRRIN PINTXONA izeneko liburua 40 haur-kantaz osatuta dago. Kanta bakoitzaren partitura, letra eta iradokizun pedagogikoak aurkituko dituzu liburuko orrialde bakoitzean, eta CD batean bilduta abesti horiek guztiak. Kanta horiek sekula aurretik argitaratu gabeak dira. Imanolek azken hilabeteotan idatzitakoak dira, berak ipini die musika eta grabatu ere berak grabatu ditu. Abesti horiek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko haurrentzat aproposak dira, eta, jakina, entzun nahi dituen beste edonorentzat
Imanol Urbieta (Zarautz, Gipuzkoa, 1934) musikari eta pedagogoa da. Urbietak musika munduan lan ugari egin du eta euskal kantagintzan ezaguna da. Haurrentzako hainbat bilduma argitaratu ditu eta horietako asko euskarazko irakaskuntzaren hastapenetan garrantzitsuak eta erreferentzialak izan ziren. Izan ere, euskarazko irakaskuntza hobetzen eta dinamizatzen aritu da urte luzez Urbieta.