Esku artean duzun liburu hau 1998. urtean egindako Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako Udako kurtso bat du oinarritzat. Harremanak eta Patologia zuen izena, eta bertan harremanak osasun eta patologia iturri gisa duen eragina aztertu genuen Komunikazioaren Psikologia, Psikoanalisia eta Atxikimenduaren Teoriaren ekarpenak batuz. Harremanen gaia konplexua da. Bertan izan diren eta dauden ikuspuntu eta teoria batzuen aipamena egin nahi dugu testu honetan, begirada zabal bat eskaintzeko asmoz.
Komunikazioaren teoriaren eredu ezberdinen ikuspegi zabal bat eman ondoren, Palo Altoko eskolaren eredu orkestrala agertzen da. Watzlawicken komunikazioaren eredu sistemikoaren axiomak azaldu ostean, komunikazio paradoxikoa, lotura bikoitzaren teoria, paradoxan oinarrituriko terapia eta Lacanen ikuspegi psikoanalitikoa agertzen dira. Komunikazio analogikoaren atalean, kinesikak, paralengoaiak, proxemikak edo haptikak komunikazioaren azterketari egindako ekarpenen berri ematen da lehenik. Usaimenaren, janzkeraren edo ingurunearen antolaketaren alderdiak aztertzen dira gero.