Oihana Arana (Eskoriatza, 2001). Sormenera eta oro har kulturara zerk gerturatu zuen oso garbi dauka Oihana Aranak: bertsolaritzak. Izan ere, 9 urte baino ez zituela hasi zen bertso-eskolan eta, ordutik, hainbat plazatan aritu izan da, bertsolari eta gaijartzaile gisa. Bat-batekoaz gaindi, bertso-paperen modalitatea ere landu izan du. Geroago, nerabetan (15-16 urterekin) ezagutu zituen ipuingintza eta olerkigintza. Gaur egun, guztietan aritzen da.
Aipaturiko modalitateetan herri mailako hainbat literatura ekimenetan gailendu hondotik; 2019. urtean, “Urruzunotarrak gehituz” literatura ekimenean parte hartzeko aukera izan zuen. Hori dela eta, sortu zitzaion bere lehen lan luzea idazteko aukera: Portuak.
Recibe novedades de OIHANA ARANA directamente en tu email
Fikzioaren apologia batekin abiatzen da Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan poema liburua, gogorarazten diguna ez dugula idazlearen bizitzarik irakurriko orrialdeotan, orpoetako arrakaletan zer ezkutatzen duen jakin nahi duenak jai daukala. Jakin-minetik ari zaigun ahots bat irakurriko dugu poemotan, hain zuzen ere, eta erreparatuko die -sarri ironikoki- gizarteari, zeruko elementuei, harreman sozialei, habitatzen gaituzten espazioei, gorputzari.
Noiz uzten diogu haur izateari? Noiz egiten gara heldu? Nerabetasunaren galdera ikur handiei erantzun txikiak ematera dator Ilargiren nerabezaroaren argazki panoramikoa den Portuak eleberria. Garai lurrikaratsu horretan, gorputzarekin, lagunekin, etxekoekin, heriotzarekin izandako harremana kontatzen du etorkizuneko Ilargik, aitona Matiasek herentzian utzitako portuekiko obsesioa ardatz.Istorioan zehar, protagonista bereziki arduratuko da ingurukoen (familiakoen, lagunen) zaintzaz, eta horretan dabilela, hautsi beharreko hainbat estereotiporekin egingo du topo. Nerabe izatetik heldu izaterako muga igarotzen lagunduko dion pausoa izango da horiei aurre egitea.Pixkanaka pasatuko da Ilargi itsaso zabalean noraezean ibiltzetik, portuan amarratuta egotera. Agian ideia hobea zen itsaso zabalean noraezean jarraitzea. Batek daki!