Herri kurdua ez da txikia, ezta bazterrekoa ere. Kurduak
Ekialde Hurbileko herririk garrantzitsuenetakoak dira,
turkiar, arabiar eta persiarrekin batera. Aurreko hiruren
antzekoa litzateke Kurdistan, azalerari, biztanle kopuruari
eta hizkuntzaren hiztunei erreparatuta. Alabaina, ez dute
estatu-egiturarik sortu –ez bateraturik, behintzat–, eta
Turkia, Irak, Iran eta Sirian banatuta daude, hurrenez
hurren, Bakur, Baxur, Rojhelat eta Rojava izena duten
eskualdeetan.
Azken urteotan Ekialde Hurbilean gertatutakoak eraman
gaitu mendebaldarrok kurduengan arreta berezia jartzera.
Rojava, adibidez, utopiaren sinonimo bihurtu da. Han,
zatiketa eta ezinikusi etniko, erlijioso eta politikoen
gainetik, demokrazia erradikala, udalgintza, desberdinen
arteko begirunea eta emakumeen ahalduntzea sustatzen
ari dira. Alegia, oasi moduko bat fundamentalismoen
basamortuan.
Liburu honek bidaia bat proposatzen digu herri kurduaren
historian eta egungo egoeran barrena. Bidaia labirintikoa
izan zitekeen, egia esan, baina ez dago galtzeko inolako
arriskurik, gidaria Urtzi Urrutikoetxea baita. Hura oso ondo
ezagutzen du Urrutikoetxeak, bertatik bertara, eta erraz
egiten du zaila izan zitekeena.