Beti liluratu nau bere poesiaz teorizatzen duen jendeak. Niri kostatu egiten zait, poesia berez sortzen dela iruditzen zaidalako. Hala ere, modu batean edo bestean definitu beharko banu poema liburu hau, desilusio eta aldi berean erresistentziaren poetikaz hitz egin beharko nuke. Desesperantzatik, desenkantutik sortutako bilduma da, mundua etengabeko gerra batean/ urtzen den bitartean, The Clash taldearen kanta zaharrak/ patioko esekitokietatik zintzilik./ Nostalgia elastiko beltzetan. Baina itxaropenik gabe bizitzea ez bizitzea bezalakoa baita, etorkizunik ez izateak eragiten duen beldurraren tiraniaren aurkako erresistentzia ere bada orrialde hauetan, eta epilogorik gabe zabaltzen zen poema sortari epilogoa idatzi, oparitu, nahi izan diot, desilusioari ilusioa piztuz, desesperantzari esperantza izpi bat emanez, gramatika berri bat idatziz aditzaren paradigma, sikiera/ egunen batean aldatuko delakoan. Mende luzeetako estigmatizazio erdeinagarria errebeldiaz janzten da. Unikornio beltza. Desberdin izatearen beldurrari uko, pribilegioaren harresi zuriak eraitsiz. Harlemen euria ari du eta Berlingo kaleetan emakume beltz batek eguzkiak eta adarbakarrak margotzen ditu adreiluzko etxe arraildu bateko horman.
Ipar poloko hegoaldean, izotz-zati eta glaziarren azpian dago munduko hazitegirik handiena. Milaka eta milaka hazi daude bertan gordeta, Lurraren lau ertzetan jasotako arroz, gari edo artoenak. Inoiz hondamendi naturalen bat edo gerrateren bat izango balitz ere. Hondamendi natural bat, demagun, ahanztura. Bada, literaturaren hazitegi bat balego, liburu honek bertan beharko luke. Orrialde hauetako lau poematatik gatoz hainbeste eta hainbeste. Txekhov-ek zioen literaturaren historiara poesia bakarrik pasatuko dela. Poeta bakar batzuek dute ahalmena lengoaia literario propio bat sortu eta harekin hizkuntza bera ere multiplikatzeko. Atxagaren mitxeleta, ziutatea, apatrida bezalako hitz eta adjektibo kalifikatiboek eta metafora liluratzaileek betirako zartatua, liburu honen irakurketa obsesibotik hasi nintzen ni idazten. Egun berrirakurrita, bere laburrean, liburu infinitua iruditzen zait. Aipaturiko poemez gainera, pasarte narratibo diferente eta zoragarriz betea. Etiopiak ia mende erdi egin duen honetan, orainetik eta oraindik, berresan ahal ditu zenbait hitz etorkizunaz ere. ANARI