Nola josten da eguneroko bizitza ospitaleko bizitzarekin? Nola josten dira eguneroko ogi barra erostera joatea, laneko nekea, toki denetara berandu iristeko premia, alokairuaren prezioa, lagunekin harturiko zerbezak, ingurukoen desira eta beharrak eta ospitaleko biztanle ajatuak, heriotzaren usaina, bisturi mota denak, jaioberrien poza, desinfektante usaina eta, berriz ere, ingurukoen desira eta beharrak?
Hurbilekoaren bindikazio poetiko bat da Auzokinak: auzoarena, eremu geografiko gisa, baina hortik gora beste hainbat gauza ere bai: xumetasunaren gorazarre bat, giza harremanak estutzeko dei bat, bizimodu geldoagoa eta denbora gehiago izateko eskea, naturaren eta naturaltasunaren laudorioa; hori guztia eta gehiago, pop pilula batzuekin eta xamurtasun eta umore dosiekin batera.
Errepikapen izarren azpian, gizaldietan zehar errepikatutako basakeriari buruzko hausnarketa da, Odiseako Akilesekin elkarrizketa, baita indarkeriaren infernua, gerra eta erbestea bizi eta pairatu zuten idazleekin ere, Maria Zambrano, Albert Camus edo Hannah Arendtekin, esaterako.Era berean, hizkuntzari buruzko gogoeta da, bera harturik besteen minaren irudikapen sinboliko gisa eta haien zauriaren maila erdiestearren ekindako borroka linguistiko eta poetikoaren irudikapen gisa ere bai.Liburua bi zatitan banatuta dago. Lehenengoak, Zitroina eta Ezpata izenekoak, gudu-zelaitik hitz egiten du. Bigarren zatia, Edertasuna hondakinen artean lehian, edertasun nahiaren defentsa sutsua da, edertasuna existitzen baita egunaren hondakinen artean bada ere. Horrela, itxaropena ekarri egiten da infernuaren erditik, naturarekiko eta desberdinarekiko besarkada filialaren bidez. Azken finean, gu gareneko denbora gizatiarrago egiten duen eta neurri berean salbatzen gaituen kanta da.