Azken hostoa erori zitzaiolarik XX. mendearen arbolari, leihotik begira harrapatu zuen egilea. Leihotik zeri erreparatuko eta orbel artean hasi da begira, zer geratuko den eta zer ez bereizi nahian. Izan ere, XX. mendeak orbel ugaria utzi du, tartean, ongarri bihurtuko dena lurrerako, baina baita pozoitsu gerta daitekeena ere. Paradoxen mendea izan dela dio Salaburuk. Aurrerapen ikaragarriak gertatu dira zientzian eta teknikan, baina, aldi berean, pentsatzekoak ez ziren biztanlekopuru aldaketak gertatu dira mundu«aurreratuan», GKEak dira nonahi, eta zientziari eraso egiten zaio hainbat unibertsitatetan. Gerren, genozidioen, eritasunen eta goseteen mendea, bai, baina giza eskubideena ere bai. Mundu global bat sumatzen da ekonomian, baina, aldi berean, haustura politikoz betea. Abiapuntu, Euskal Herria du Salaburuk, eta mendean zehar euskaldunez utzitako aztarna han-hemenka ageriko da; baina mundu osoa du aztergai eta kezkagai. Liburu aberatsa eta samurra, dena jarraian irakurtzeko. Baina, aldi berean, abaildurik joan zaigun mendearen oroigarri, kontsulta gisa erabiltzeko ezin egokiago gertatuko dena.
Ez da dudarik euskarak aurrera egin duela azkeneko hamarkada hauetan. Eta aurrera egin du, batez ere, belaunaldi oso batek bere indar guztiak isuri dituelako ahalegin horretan. Baina aurrera egite horrek kostu handiak izan ditu hizkuntzarentzat: gero eta euskara kaxkarragoa entzuten da. Garai hartan pentsatzen ez ziren ondorioak izan ditu etxe barnean ere: gure harremanetan, administrazioko langileetan, ikasleen artean, gizartean, sinboloek orakatzen dute anitzetan lortu nahi dena. Gainera, garai hartako militantismoa galdu da, gaurko gazteek beste modu batera ikusten dute hizkuntzaren kontua, eta horrek eragin handia izan dezake euskararen garapenean hurrengo urteetan. Ez dakigu honen eragina norainokoa izan daitekeen. Bestetik, euskaldun euskaltzaleak aparteko mundu bat osatzen dugu, atzerritarrak gara gure gizarte ofizialean. Hobeki honetaz guztiaz etxe barruan mintzatzen hastea. Eta honetaz guztiaz dihardu Pello Salaburuk gutun moduko liburu honetan. Gazte bati egiten dio gutuna, baina gutun irekia da: gazteek ez ezik autorearen adin direnek ere inoren posta sekretua urratzeko lotsarik gabe irakurtzeko egina da, ekialdeko euskalkietatik euskara batura hurbiltzeko hitz lau eredugarria dakarrelarik, ez teorian praktikan baizik.
Pello Salaburuk 2012ko udazkenean lan bidaia bat egin behar izan zuen Cuzcora. Hala aitortzen du berak liburuaren sarreran: Nola bakarrik ibiltzen nintzen maiz kara hango karriken artean, Cuzcora egin nuen bidaiaren artekek hainbertze oroitzapen ekarri zizkidaten gogora, nire bizitza lanbrotuan zehar zinez edo ustez gertatuak, eta horiek guziak mantso-mantso paper mutur batean paratzen hasi nintzen.Alderdi horretatik Errateko nituenak bada bidaia baten kronika eta bestetik oroitzapen liburu bat ere. Hango eta hemengo gauzei buruz autoreak daukan iritzien azalpena ere bada. Aho bizarrik gabe mintzo da gure egoeraz eta bizitzaz. Eta, batzuetan, hango kontuez ari dela, kitxua hizkuntzaz adibidez, susmoa sartzen zaio irakurleari ez ote den, zehar bidez bada ere, hemengo kontuez ere ari eta alderantziz.Paperak bete ahala, hango historiak, eta hemengoak, nire bizitzan aspaldi gertatuak eta oraingoak denak batera etortzen baitziren uholdean, bereizketarik gabe, ahal nuen moduan josten saiatu nintzen, tarrapataka batzuetan, atzendu baino lehenago, baina, egia erran behar baldin badut, azkenean ongi ez nekien eskribitzen ari nintzen hura bidaiaren oroitzapena zen, edo eskuek, horretako baimenik izan gabe, irristan ekoizten zuten ezin baratuzko jarioa.Baina beste gauza bat ere bada Errateko nituenak: iritziaren eta kronikaren fikzioaren eta errealitatearen nahasketa erakargarri bat, prosa bikain batean garatua. Ekialdeko euskalkietatik euskara batuari ekarri sendoa egiteko saio eredugarria.